OHARRA! DAVID ALEGRIA SUESCUNek, Historian doktoreak, Errotan 2006ko abuztuaren 5ean “Antzinako errotak Nafarroan: Zubietako irin-errota eta zentral hidroelektrikoa” izenburupeko hitzaldia eman zuen, eta hitzaldi horretako testutik atera da errotaren funtzionamenduari dagokion erreferentzia historiko oro.
Energia baliabide gisa ura probextea ez zen Erdi Aro arte hedatu. Hala ere, badira testigantza arkeologikoak eta idazkiak ura indar eragile gisa Antzinarotik erabiltzen zela erakusten dutenak. Jadanik K.a 25. urtean, Vitrubiok gurpil bertikaldun errota bat deskribatzen zuen sistematikoki. Printzipioz, ura goititzeko egina zen tramankulua, laster mugimendua energia bilakarazteko gai izan zen. Aitzinamendu teknologiko hori benetako iraultza izan zen gizakiarentzat, geroago lurrunarekin, elektrizitatearekin edo energia atomikoarekin gertatuko zen bezala.
Ur-errota hedatzea Behe Inperio Erromatarraren eskulan eskasiarengatik izan zitekeen, eta VIII-IX mendeen inguruan errotu zen, bereziki Penintsula Iberiarrean; musulmanek egokitu eta hobetu zituzten emaitza ezin hobeekin. Nafarroako errota hidraulikoei buruzko lehenbiziko idatzizko erreferentzia 841-842. urteetakoa da; izan ere, orduan gaur egungo Erribera aldeko zenbait errota borroka musulman batean suntsitu zituztela erraten baita.
Asmamen horietako oinarrizko elementu teknikoa —errotarri multzoekin batera— “gurpil hidraulikoa” edo machinaria molae aquariae da. Leku-espazio batean edo bestean kokatua egoteak funtsean bi motako errotak bereizten ditu, eta honako desberdintasun hauek ere badaude:
1. Gurpil horizontalduna (“rodete” edo “rodezno”), errota hidrauliko gehienak bezala, izan ibairako izan marearako, agorraldi handietarako nahiz emari gutxikoetarako aproposak:
2. Gurpil bertikalduna (errotak) (ur konstantedun erregimen baterako makineria bat behar dute):
Zubietako errotaren historian honako intereseko mugarri hauek nabarmendu daitezke:
1547 Zubietako “Errota” toponimoaren lehenbiziko erreferentzia.
1784 Ayoroatar Joseph obra-maisua Zubietakoa zen, eta aipatutako herriaren eskariz errota berria eraikitzeko moduari zein kostuari buruz deklaratu zuen, baita une horretan hondatuta omen zeuden zimenduei buruz ere. Aitzineko errotarria probextu zen, eta aurrekontu osoa 13.393 erreal eta maraveditakoa izan zen. Ikazkin eta “mendi-aztertzaile” batek Tichillu Erroiz mendiko estrepadi bateko haritz zahar eta idor zenbaiten beharrezko zura hartzeko iradoki zuen.
1784-1785 Herriak Errege Kontseiluari baimena eskatu zion errota berria eraikitzeko eta obrak ordaintzearren zenbait larre-sarien zatiak saltzeko. Erreinuaren fiskalak ez zuen guztiz justifikatutzat ematen Zubietan errota berri baten beharra. Horregatik, lehengoa konpontzea iradoki zuen. Herriak eskaturik, Marichalartar Melchor perituak, obra-maisu eta Urrozkoa berorrek, deklaratu zuen eta fiskalaren proposamena ez zuen onartu; solairu berridun errota eraikitzea aholkatu zuen, eta gainera, zenbait puntu erantsi zituen, bere garaian Ayoroatar Josephek ezarritako egitasmoa garestituz. Azkenean, Kontseiluak baimena eman zuen, baina Ayoroatar Josephek aurkeztutako obra-egitasmoa eta aurrekontua segituz (Iruñea, 1785eko apirilaren 13). 1785eko apirilaren 25ean ekin zioten lanari. Dena emana lan egin zen. Antza, premiazkotzat jotzen zen alea xehetzeko toki bat izatea. Herriko kontzejuak ahalik eta lasterren akitu nahi zuen, eta epe-muga maiatzaren 26an paratu zen. Baina langileek, errota epe horretan akitzekotan, jornala goititzeko eskatu zuten Nafarroako Errege Kontseiluak berriro ere obren beste finantziazio bat baimendu behar zuen, eskatutako igoerak emanez (Iruñea, 1785eko ekainaren 3a).
1787 Zubietako Ayoroatar Joseph obra-maisuak herriak eskaturik errotako urtegian egin beharreko konponketei buruz mintzatu zen, baita horren kostuaz ere; kostu hori 3.474 erreal eta 18 maraveditakoa zen.
1800-1801 1800eko azaroaren 17an uholde batek errotako urtegia “aitzinean” eraman zuen. Obra-maisu eta arkitekto Jose Poudezek 12.412 erreal eta 20 marabeditako konponketa-gastua kalkulatu zuen.
1801eko maiatzaren 2an Errege Kontseiluak baimena eman zuen herriko ondasunen gaineko obrak finantzatzeko.
1802 Zubietan 80 etxetan 536 pertsona bizi ziren, eta errota bat erregistratu zen.
1863 Lizarrako Andres Monrealek 81.500 kobrezko txanponezko errealengatik erosi zuen errota. Zenbait hilabete beranduago, San Pedroko Pedro Gonzalezi saldu zion 7.920 ezkutuengatik (118.800 kobrezko txanponezko erreal).
1867 San Pedroko Pedro Gonzálezek betiko saldu zien errota zatiak zituzten 82 zubietarrei (Egiazki, Zubietan 83 etxe zeuden, baina horietako bat erosketatik kanpo gelditu zen “etxeko gizona” soroko lanetan egoteagatik).
1903 Errotan instalakuntza elektrikoaren hitzarmena sinatu zen: turbina jarri zen.
1932 Jabetza-eskriturak eta errota erabiltzeko eskriturak zatiak zituzten 53 pertsonen artean elkarbanatuak.
1966 Errotako zentral elektrikoa itxi zen.
1998-1999 Egungo 50 bizilagun portzionistek Zubietako udalari 15 bat urterako utzi zioten errota. Errota berriztatu zen, eta une horretan bakarrik gelditu zuen jarduera arrazoi naturalengatik, ekomuseo gisa bere ateak irekitzeko. Birgaitzeagatik EHAEO/COAVN saria jaso zuen.